XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Zazpi edo zortziren bat lagun ginen gelan.

Ia denak gazteak.

Toki zikina hura.

Hormak zenbait tokitan azala urratua eta gesalak janda.

Bat batean ahots batek nire ametsetatik atera ninduen.

Lazo lazo burua eraiki nuen.

Ahots haren bila sartua nintzen ardanetxe hartara, noski.

Begiratu batera ezin hura ezagutu.

Betaurrekorik gabe, alkondara eta galtza zuritan eta barmanek lepotik zintzilika janzten duten mantalinarekin.

Manu Zatak heriotz beltzaren erraietatik eguzkira bizturiko arima zirudien.

- Arratsalde on, Iñaki.

Eser al naiteke zure ondoan?.

Ez nion erantzun.

Alde egingo zuela pentsatu nuen.

Salmahaira inguratu zen; baso bat whiskyz bete ondoren, baina, aldameneko eserlekuan eseri zen.

Azken ordutako zorabioa areagotu egin zitzaidan.

Gauzak eta bururakizunak argi itsugarriz jantzirik dantzan ikusten nituen.

Barneko irakinaldia! Deabruren batek nire gorputzeko atal guztiak gerrarako presturik zituen, nonbait.

Atseginez txistua bildu zitzaidan mihi-hortzetan.

- Hire arrebak oso mutil jator haizela esan zidak.

-... - Hi bezalako mutil kementsuen laguntza behar diagu, bada.

- Nortzuek? - Hik nik bezain ongi dakik gure gizartean makur asko dagoela.

- Bai eta izango ere! - Bai, lanean ari beharrean mistika hutsetan iharduten badugu.